2012-04-18



Erlijio irakasgaia eta beste “ehunak” …


Eskolako Erlijio irakasgaiaz eta inguruko beste “ehunez” jardun nahi nuke... Hezkuntza sisteman Erlijio irakasgaiak duen garrantzia azpimarratzeko eskaini zaidan aukera hau ahalik eta gehien probestea da nire asmoa. Zuzen eta zorrotz arituko naiz, nire hitzak argiak eta ulerkorrak izatea nahi nuke, baina ez da nire nahia inor mintzea.


            Esango ditudanak euskal gizartea osatzen dugun guztiontzat dira; ez dezala inork pentsa hitz hauek zentzu politikorik dutenik edo eta inongo alderdi politikori zuzentzen natzaionik. Hala ere, jakin badakit, nire hitzek egungo gizartean eta kulturan hain zabalduta dagoen pentsamolde laizistarekin (maiz antiklerikala dena) aurrez-aurrez egingo dutela talka.

            Alarmista hutsa naizela esango dute batzuek baina hasiera-hasieratik argi utzi nahi dut: Ez da zilegi Erlijio irakasgaiarekin gertatzen ari dena! Erlijio irakasgaiaren aurkako jazarpen eta eraso bortitza egiten ari dira! Irakaskuntza askatasuna eta kontzientzia-askatasuna kolokan daude!

****

            Erlijio irakasgaiaren ingurukoak aztertu aurretik, aipatu dudan “pentsamolde laizista” horren inguruko hitz bi esan nahi ditut. Hasteko eta behin, behar-beharrezkoa da laikotasun baikorra, eta osagai baztertzailea eta ezkorra duen “laizismoa” ondo bereiztea. Arazoa zera da, laikotasuna eta laizismoa nahasten ditugula:

+ Estatuaren eta erakunde publikoen laikotasunak erlijio ezberdinen sinismenenganako neutraltasuna dakar baina baita haiekin elkarlana, gizabanakoarentzat eta gizartearentzat onuragarriak diren einean. Hildo honetatik, Estatuak herritarren erlijio-askatasunaren eskubidea bermatu behar du; botere publikoek babestu behar duten eskubidea da.
Bestalde, ordezkaritza printzipioaren arabera, Estatuak, herritarren sentsibilitate erlijioso zein sekularretik sortutako gizarte ekimenak bereizi eta bultzatu behar ditu. Ondorioz, ondo ulertutako laikotasun zuzenak, askatasuna, berdintasuna eta bizikidetasuna bermatzen ditu.

            + Alderantziz, laikotasunak ez bezala, laizismoak oso bestelako abiapuntua du: Estatu laizistak ez du uste herritarren bizitza erlijiosoa gizabanakoarentzat eta gizartearentzat onuragarria den printzipioa denik eta hartaz, ez da botere publikoek babestu beharrekoa. Aitzitik, sentsibilitate eta arazo pribatua dela deritzo, eta gizartearen bizitzan eraginik ez duen bitartean onartuko du, soilik. Ez da uste erlijioek gizarte anitzaren elkarbizitzaren oinarria osatzen duten printzipio eta balio moralen iturri direnik. Alderantziz, erlijioak, elkarbizitza baketsua eragozten duten oztopo eta intolerantziaren iturburutzat hartzen dituen aurreiritzia da nagusi.
Hartaz, laizismoren aburuz, erlijiozkotasuna bizitza pribatura mugatu behar da eta arlo publikoan, haren lekuan, estatu demokratikoaren “identitate zeinu” izango diren balioak aldarrikatuko dira, erlijio kutsurik gabekoak. 
            Era horretan, bizitza publikotik Erlijioaren uste sendoak guztiz baztertuta, botere politikoari dagokio herritarren kontzientzia erlijiosoaren lekua hartuko duen kontzientzia moral berria osatzea.

            Argi dago laizismoaren oinarri hauek aurreiritzi faltsuez gainezka daudela eta kristautasunaren aurka zabaldu diren kondaira beltzen ondorio direla; gainera, giza-dotrina katolikoaren inguruan ez jakintasun osoa erakusten dute. Gizarte anitz baten baitan elkarbizitzak ezin baititu herritarren ideiak eta gizabanakoen uste sendoak baztertu, hezkuntza sistematik inposatzen hasten den “estatu etika bateratua” osatzeko. Alderantziz, herritarrek heuren erlijio-kontzientzian edo eta heuren laikotasunetik abiatuta aurkitu behar dituzte guztion askatasua errespetatzeko oinarriak, guztion onura helburu duten elkarkidetza-oinarriak,...

Fernando Sebastián gotzainaren hitzen hildotik, etorkizuna ez dago “betebeharreko laizismoanismoan”, erlijio ezberdinen eta sektore laikoen arteko egiazko elkarrizketan baizik. Estatuaren zeregina ez da beraz “kontituzioaren gutxieneko etika orokorretik” abiatuta, herritarren kontzientzien hezitzailea izatea.

****

            Tira, behin “laizismoaz” eta “laikotasun baikorraz” ulertzen duguna argitu ondoren, hitzaldiaren mamira joango naiz: “Eskolan erlijio irakasgaia”. Baten batek esan lezake eztabaidagaia ez dela Erlijio klasea bera, eskola publikoan duen presentzia baizik. Baina hori uste duena oker dago nire ustez. Alegia: 
Kristauon aurkako laizismoa maltzurra da eta helburuak pausoz-pauso antolatzeko “estrategia” erabili ohi du: aurrena abortua muturreko kasutan legeztatzen du; handik urte batzuetara, “giza-kontzientzia heldutasunera iritsi denean”, abortu librea “eskubide demokratiko” bilakatzen du...; azkenerako, abortuarekin zerikusirik izan nahi ez duenaren kontzientzia-objekzioaren eskubidea ez da errespetatzen, ez eta aintzat hartu ere. Hona hemen Benedikto XVI.ak “erlatibismoaren diktadura” izendatutako fenomenoaren adibide praktikoa.

            Ez kezkatu, ez noa hemen abortuari buruz hitzegitera. Adibide moduan aipatu baino ez dut egin... Erlijio eskolekin gauza bera gertatzen da: aurrena irakasgaiaren estatusa zalantzan jarri dute (lehen edo bigarren mailakoa; ikaslearen emaitzetan kontuan hartzekoa ala ez; eskola ordutegiaren barruan ala kanpoan; ...); ondoren “eskola laikoaren” kontzeptu okerraren izenean hezkuntza sistema publikotik kanporatzeko deia egin dute; eta azkenik, epe hurbilera, hitzartutako hezkuntza pribatutik kanpo utzi nahi izango dute. Hasieran esan dudan moduan, Erlijio irakasgaiaren aurkako jazarpen eta eraso bortitza egiten ari dira... Eta dagoeneko jokoan dagoena ez da hura sistema publikoan egotea ala ez; are urrutirago joanez, Erlijio irakasgaia hezkuntza sistema orokorraren barruan izateko eskubidea dago kolokan.

Baina utzi diezaiogun une batez gure arazoez hitzegiteari. Hezkuntza sistemaren barruan erlijio irakasgaia izatearen garrantzia azpimarratzen duten hainbat arrazonamendu pedagogiko azaldu nahi ditut:

1.- Erlijio eskola eskubidea da, ez da erregalia edo pribilegioa: Irakasgaiaren inguruan hainbeste eztabaidatu ondoren, hainbat katoliko lotsatu egiten dira; eskolan Erlijio irakasgaia izatea, aurreko errejimenaren aztarna dela sinistarazi dituzte. Aitzitik: NBEaren Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak (1948) onartutako eskubidea da: “Gizaki orok du pentsamendu, kontzientzia eta erlijio askatasuna; eskubide honen baitan, erlijioz edo sinismenez aldatzeko askatasuna dago, eta baita norbanako erlijioa edo sinismena adiezteko askatasuna ere bai, arlo publikoan zein pribatuan, bai hezkuntzaren bitartez, bai gurtzaren bitartez eta baita arauak betetzen ere”.
Gure araudi konstituzionalak ere eskubide hau onartu eta aitortzen du, gero aipatuko dudan bezala. Eta ez ahaztu bestalde, Europako beste herrialde gehienetan, gaur egun Erlijio irakasgaiak Espainian duen tratamendua baino askoz ere tratu nabarmenagoa duela. Europako herrialdeen erdian gutxi gorabehera, Erlijio irakasgaia derriorrezkoa da hezkuntza sisteman; eta gainerakoetan aukeran dago. Hartaz, Erlijioa eskola arloan txertatzea, “Europarekin bat egiteko” bidea dugu.
Horrez gain, ez dugu ahaztu behar Erlijio irakasleen soldata ez dela gorbenu baten edo bestearen diru-poltsatik ordaintzen, Elizaren aurkako kritikek dioten moduan; alderantziz, ikasleen gurasoek beraiek ordaintzen dizkiete zergak Estatu laikoari.

2.- Erlijio eskola ez da Katekesiaren pareko eta haren lekua ezin du Katekesiak hartu: Erlijio irakasgaiak, konfesionala bada ere, heziketa intelektuala du helburu; aldiz, Katekesiak ikaslea Jesukristoren jarraitzaile egin nahi du. Sinpletasunean erortzeko asmorik gabe, zera esango nuke nik, Erlijio eskolaren eta Katekesiaren arteko aldea, “ezagutzaren” eta “maitasunaren” artean dagoenaren parekoa dela.

3.- Erlijio eskola, oinordetzan jaso dugun kultura ulertzeko lagungarria zaigu:
Gazte batek pintura, musika, eskultura, arkitektura, filosofia, historia, politika, folklorea, ohiturak,… azken finean, bere sustraiak ezingo ditu ulertu, Erlijio katolikoaren oinarriak sakonki ezagutzen ez baditu. Eta gauza bera esan liteke, orohar, beste gainerako erlijioen ulermenaz, bizi garen “herrixka global” honetan.

4.- Erlijioak ikuspegi orokorra eskaintzen digu, jakintzaren zatiketaren aurrean: Gaur egun gizakiaren ezagutza zeharo “zatituta” dago eta horrekin batera, zientzia eta giza ezagutzen gehiegizko pilaketa dago. Zatiketa horrek, identitate, kultura, ziurtasun,… krisia eragin du.
Maiz esan ohi da zatiketa hori jakintzaren espezializazioaren ondorio dela, baina ezin dugu ahaztu erlijioa baztertzeak ere, jakintza hori guztia bizitzaren eta izatearen ulermen orokorra eta zabala ekiditen dituela.

5.- Erlijioak bizitzaren zentzuaren inguruko galderak erantzuten ditu: Irakaspen eta jakintza orokorrak gure bizitzaren inguruko oinarrizko galderei erantzutea ezinbestekoa da.Zertarako nahi dut nik Unibertsoaren garapena ezagutu, inork azaltzen ez badit zergatik eta zertarako gauden bizitza honetan? Nola oinarritu giza-eskubideak, adimengabeko animalia eta gizon arrazoidunaren arteko bereizketa azaltzen ez badugu? Zilegi da etorkizuneko gizartearen eta zientziaren aurrerapenen aurrean baikor izatea, gure itxaropena heriotzaren ondorengoan oinarritzen ez badugu?...

6.- Erlijioen arteko elkarrizketa: Soberan dakigu fundamentalismoek mundu mailako bakea arriskuan jartzen dutela. Gero eta argiago ikusten dugu nazioarteko egonkortasunak eta etorkinekin bizikidetasunak erlijio ezberdinen arteko elkarrizketaren oinarria behar dutela. Bestela, “zibilizazioen arteko aliantza” lortu baino, gure zibilizazioa deuseztuko dugu.

7.- Heziketa morala: Heziketa orokor eta osoak alde morala ezinbestekoa du. Hezkuntzan kontzeptuak pilatzea ez zaigu ezertarako baliagarria, elkartasuna, egiazkotasuna, justizia, errespetua, eskuzabaltasuna,… eta beste portaera moraletan hezitzen gaituen eremua ez badago. Hona hemen Erlijio irakasgaiaren beste ardatza: morala.

****
           

            Jarraian, aipatutako zazpi puntu hauetatik lehena azalduko dut: behin eta berriz ari gara entzuten Erlijio eskola Estatu espainiarrak eta Egoitza Santuaren arteko akordioaren ondorio dela; modaz eta garaiz kanpo dagoen akordioa… Baina, garrantzitsuenaz ez da tutik ere esaten: alegia, Erlijio irakasgaia eskolan izateak badu oinarri juridikoa eta hori, Espainiako Konstituzioaren 27.3 artikuluak jasotzen du: “Botere publikoek, gurasoek, heuren seme-alabek moral eta erlijio heziketa jasotzeko duten eskubidea bermatzen dute. Heziketa hori, beraien sinismenen araberakoa izando da”.  Alegia, gure legediak seme-alaben zuzenbide morala eta erlijiosoa erabakitzeko gurasoek duten eskubidea aitortzen du, eta agintariek hau bete dadin bitartekoak jarri behar dituzte.

            Erlijio ikasgaiaren inguruan Estatu espainiarraren eta Aulki Santuaren arteko konkordatuak, Espainiako Konstituzioak aitortzen duen eskubidea ahalbidetzen du. Nire aburuz, 1979ko konkordatua gaitzesten duten askok, aitortu ezin duten arazoa dute: Konstituzioaren 27.3 artikuluak- gurasoek seme-alabek heziketa moral eta erlijiosoa jasotzeko duten eskubidea jasotzen duenak-, ezinegona eragiten die. Gogotik indargabetuko lukete!! Baina itxura guztien arabera, heuren oinarrizko eta benetazko ideologia azaltzeko ausardia faltan dute: hau da, marxismoaren, liberalismoaren eta genero ideologiaren erdibidean dagoena.

LODE eta LOGSE izeneko hezkuntza erreformak egin zituzten arte, Erlijio irakasgaia ebaluagarria zen eta Etika zuen haren lekuan aukerako irakasgaia. Giza-alderdirik gehienentzat hura zen bakezko eta bidezko aukera. Heziketa moral konfesionala edo etika ez-konfesionala hautatzeko aukera omen zen. Hartaz: zergatik indargabetu zuten hain zentzuduna eta hain egokia eta baliagarria zen araua? Egiatan, erreforma haiek erlijio-irakaskuntza poliki-poliki hilzorira eraman zuten … Ondorengo ukituak, bide horretan urrats berriak izan dira, eta azkenerako irakasgaia baztertu dute. 

Pasa den urtearen amaieran albiste ona jaso genuen: Eusko Jaurlaritzak Lehen Hezkuntzako Erlijio irakasleen eskuduntza jaso zuen. Baina paradoxa gertatu da eta Erlijio irakasleen egoera hobetu den einean, Erlijio irakasgaiak une larriak bizi ditu eskolan.

            Orain aste gutxi hainbat aldizkarik argitaratu zituzten erreportaietan, Erlijio irakasleek gogor salatu dituzte Euskadin Erlijio irakasgaiak pairatzen dituen erasoak- irakasle horiei, nire eskerrik beroenak erakutsitako adorea eta arduragatik-: ikastetxe askotan Erlijioa eskaini ere ez da egiten; irakasgaia aukeratu duten gurasoak iritziz aldatzera behartzen dituzte; Erlijioaren ordezko irakasgaian seriotasunik ez da; Erlijio irakasleak zokoratzen dituzte;… Gogora ekarri nahi dut era berean, Euskal Erkidego Autonomikoan Erlijio irakasgaiaren ordezkoa kendu zuen “Erlijio irakasgaiaren inguruko 2009ko Batxilergo Dekretua”ren aurka Elizak aurkeztutako helegitearen inguruko epaiaren zain jarraitzen dugula oraindik ere. Ondorioz Erlijio irakasgaia koma egoeran dago Batxilergoan…

****

            Eta ezin amaitu dezaket, Erlijio irakasgaia eskola publikoan eskaini ahal izatearen aurka, Euskalerriko Guraso Elkarteen Federazioak erakutsitako jarrera aipatu gabe. Aipatutako elkarte horrek harritzeko moduko gutuna bidali die gurasoei, haien seme-alabak Erlijio irakasgaian ez matrikulatzeko eskatzeko; derriorrezkoak diren irakasgaietan ordu gehiago ematea omen dute helburu. Erlijio irakasgaia eskola orduetatik eta eskola publikotik kanpo uzteko presioa dugu. Honen inguruan, bi gauza esan nahiko nituzke:
                        Donostiara etorri aurretik Palentziako gotzain moduan eman nituen urteetan zera ikusi nuen: Gaztela Leongo eskola publikoan, gurasorik gehienak- % 80 Palentzian- Erlijio irakasgaian matrikulatzen zituzten heuren seme-alabak; halere, gurasoen elkarteek, Euskadin bezala, Erlijioa eskola publikotik kanpo uztea eskatzen zuten. Nola ulertu? Izan daiteke kontraesan handiagorik?... Argi dago autokritika zorrotza egin behar dugula: katolikoek bizitza publikoan erakusten dugun geldotasunaren pareko baita laikotasunaren indartzea gure gizartean. Katolikoen partehartzea bizitza publikoan talde laizistena baino askoz ere txikiagoa eta ahulagoa izan da betidanik eta oraindik ere bada. … Gure kabuz erori gara sakristietara mugatu nahi gaituztenek ezarri diguten tranpan!
            Baina bestalde, egin diezaiogun so Euskal Autonomia Erkidegoan dugun egoerari eta egin dezagun kontu aipatutako guraso elkarteak benetan erakusten duela heuren seme-alabak eskola publikoan dituzten gurasoen nahia. (Baieztapen hau zalantzan jartzeko daturik ez daukat baina utzidazue hipotesi moduan erabiltzen). Ustezko gurasoen gehiengoak heuren seme-alabak Erlijio eskola ez jasotzeko duten eskubideak ezin du eragotzi ustezko gutxiengoaren seme-alabek haien sinismenen araberako heziketa jasotzea. Errefraua datorkit burura: “Gutxiengoen eskubideak errespetatzen ez direnean; egiatan, “giza eskubideak” dira errespetatzen ez direnak, besterik gabe”.
           
Bene-benetan uste dut gure gizarteak gogotik behar duela egiazko laikotasunaren aldeko  aldarrikapena; laikotasun baikor eta ez-baztertzailearen aldekoa. Bai katolikoek eta baita beste erlijioen jarraitzaileek onartu eta babestu behar duten aldarrikapena; are gehiago, inguru laiko eta gnostikoek ere onartu behar dutena. Jokoan, eskola publikoaren izaera bera, guztiona eta guztiontzat izan behar duen eta ondorioz, bizitzaren inguruko ikuspegi guztiak, baita ikuspegi erlijiosoa barneratu behar dituen eskola publikoarena hain juxtu.

****

Nire azalpenean zati handia hartu dute eztabaida eta kontu juridikoek; baina zalantzarik gabe, hezkuntza eremuan gertatzen den eskubideen urratzea, hezkuntza proiektu beraren porrotaren eta krisiaren azala besterik ez da. Gizakia nor den jakin gabe abiatzen garenean, ez da harritzekoa heziketa antolamenduetan itsu-itsuan aritzea.

Zeinu baikor eta itxaropentsua deritzot, Benedikto XVI.a eta Europar Batasuneko agintaria den Jacques Delors, eskarmendu handiko bi pertsonai ospetsuek egin dituzten pareko diagnostikoak. Lehenak behin eta berriz salatu du han eta hemen, Mendebaldean egun bizi dugun “hezkuntza mailako larrialdia”. Bigarrenak, errealitate zein den soberan jakinda, 2008an hezkuntzari buruzko txostena bidali zion NBEari; “Hezkuntzak altxorra du bere baitan” izenburupean, materialtasunaren eta izpiritualtasunaren arteko  tentsioa gainditu beharra azpimarratzen du.
Txosten horretan, Delorsek hezkuntzaren lau helburu finkatzen ditu: ikasten ikasi, egiten ikasi, elkarrekin bizitzen ikasi eta izaten ikasi. Gainerako guztia biltzen duen hezkuntzaren mamia, “izaten ikastea” da; alegia, gizabanakoa pertsona moduan garatzea ahalbidetzen duena, gure benetako identitatea lortzera eramaten gaituena. Eta horretarako, ezbairik gabe, heziketa osoa eta integrala behar dugu. “Izaten ikasi” horrek, pertsona osatzen duten alderdi guztiak garatzea ezinbestekoa du.
Sufrimendua eta heriotza gaindituta, maitasunetik gatozela eta maitasunerako bidean gaudela dakigunean soilik eskaini ahal izango dugu gure alderik onena, eskuzabaltasunez eta alaitasunez. Horregatik aldarrikatzen dugu Erlijio-heziketa!!

No hay comentarios:

Publicar un comentario