2013-03-18

SAN FRANTZISKO XABIERKOAREN BIZITZAREN MATERIAL DIDAKTIKOA

XABIEREN MUNDUA KLIK

 Santu unibertsala Frantzisko Xabierkoaren bizitzak eragin latza izan zuen bere garaiko Elizan eta gizartean. Oraindik bizirik zela, Xabierren kartak bururen buru zabaldu ziren Europan barrena. Jesuitek aita santuen eta erregeen geletaraino, ikastetxe eta unibertsitate guztietaraino eraman zituzten eta ausarki erabiltzen ziren edozein elizatako predikuetan ere.
Denboraren joanean Santuaren irudia are handiagotu eta sendoagotu zen. Ekialde osoan hil orduko hasi zen hedatzen santu fama. 1619an beato egin zuten. 1622ko martxoaren 12an Gregorio VI.a Aita Santuak santutu zuen, beste hiru espainol (San Ignazio Loiolakoa, Santa Teresa de Jesús eta San Isidro Labrador) eta Italiano batekin batera (San Felipe Neri). Haiek izan ziren Erreforma katolikoaren eta Barrokoaren santuak.
San Ignazio eta San Frantzisko Xabier izan ziren Jesusen Konpainiak bere irudia oinarritzeko hartu zituen bi zutabeak, bi ereduak, beste santu eta beato asko bazituen ere.
San Frantzisko Xabier da santurik ezagunena eta ikertuena. 3.000 artikulu, lan eta liburu baino gehiago argitaratu dira haren pertsonaren gainean. Beraren gaineko edo berarekin lotutako liburuak mila baino gehiago dira.
San Frantzisko Xabierrek piztu zituen fama eta debozioa arte lanetan ere gauzatu ziren. Hasi Zurbarán, Murillo, Gregorio Fernández, Martínez Montañés, Goya,edo Van Dyck bezalako pintore edo eskultore jenialetatik, harik eta herri-artista xumeetaraino, denek hartu zuten gure santua beren koadro eta irudietako gaitzat, grabatuak eta estanpak ahaztu gabe. Irudikapen horiek guztiak enkarguzko lanak izaten ziren eta haren eragina zenbatekoa eta norainokoa zen adierazten dute, boteregune handietatik zoko galduetaraino.
San Frantzisko Xabierrek zenbateko ospea izan zuen beste gertaera batek erakusten digu: Aro Modernoko santu guztietan berak bakarrak lortu zuen deitura bat eta toki-izen bat, Xabier, izen propio bihurtzea. Xabier imitatu nahiagatik izan zen hori: jendeak haren izen osoa erabiltzen zuen ponte-izentzat. Frantzisko Xabierkoa Frantzisko Xabier bihurtu zen mundu osoan eta makina bat hizkuntzatan.


No hay comentarios:

Publicar un comentario