Erlijio Ikasgaia
Pasa den ostegunean, 2013-2014 ikasturterako matrikulazio epea zabaldu
zuten. Familia guztiek, euren seme-alabentzat Erlijio ikasgaia barne duen
hezkuntza integrala aukeratzeko ahalmena dute -edo eduki beharko lukete
bederen. Izan ere, Erlijio ikasgaia gurasoentzat aukera den moduan,
ikastetxeentzat nahitaez eskaini beharrekoa da. Bestalde, euskal
administrazioak, Epaitegi Gorenaren epaia indarrean jartzeko konpromisoa hartu
du berriki; alegia, Batxilergoan ikasgai honen statusa kaltetzen zuen Eusko
Jaurlaritzaren dekretua bertan behera uzten duena. Epaiaren arabera gainera,
Erlijioa eskaintzeaz gain, ondo zehaztutako curriculuma duen beste ikasgai
alternatiboa eskaini behar dute ikastetxe guztiek.
Argi dago goiko mailakoentzat justiziak agindutako hau ezinbestekoa dela,
Haur hezkuntza eta Lehen eta Bigarren hezkuntzako ikasleentzat. Jarraian,
Erlijio ikasgaiaren beharra azpimarratzen duten hiru arrazoi emango dizkizuet:
1.-
Heziketa morala: Gazteenak
zuzen-zuzenean jotzen dituzten gaitz moralen inguruko albiste txarrak etengabe
jasotzen ditugu: intoxikazio etilikoak, eskola giroko jazarpena, drogak,
indarkeria, suizidioak, menpekotasunak, eskola porrota, krisi familiarrak,… Harritzekoa da erronka hauen guztien aurrean,
batzuek erlijioa eskolatik kanpo uztea baino beste irrikarik ez izatea.
Gogora ekar dezagun, 1990ko LOGSEa
iritsi arte, Erlijioa eta Etika ikasgaien artean aukeratzea bazegoela (lehenak
ebanjelioaren oinarrietatik abiatutako heziketa morala eskaintzen zuen eta
bigarrenak balore naturaletan oinarritutako heziketa).
Zergatik erabaki ote zuten orduan
garaiko politikoek ondo funtzionatzen zuen eta premiazkoa zen sistema bertan
behera uztea? Pentsaezina da, LOGSEaren
egileei gazteen heziketa etikoa edo morala axolagabe zitzaienik. Alderantziz,
nire aburuz, antiklerikotasunaren eraginez, irents ezina zitzaien familiarik
gehienak Erlijioa aukeratzea Etikaren aurretik. Eta horregatik hain zuzen hartu
zuten errailetatik irteteko prozesua martxan jartzeko erabakia.
LOGSEaren ondoren, Etika desagertu
zen. Ondorioz, Erlijioa nahi ez zuten ikasleentzat ‘heziketa arreta aproposa’
izeneko hautabidea jarri zen martxan, hau da, etxeko-lanak ikasgelan
aurreratzeko aukera edo ordubeteko atsedenalditxoa hartzeko aukera hutsala. Badugu
horri aurre egiteko unea: Ez dira ba gaurko gaitz moralak, Etika ikasgaia kendu
eta Erlijioa baztertzearen ondorio zuzena izango?
2.- Kultura
erlijiosoa: Adibide xumea… Telebistako galdera-erantzuneko saioetan agerian
gelditzen da behin eta berriz ez-ezagutzarik handieneko gaia dela Erlijioa. Eta
orain gutxi, unibertsitateko irakasle batek azaldu zidan gertakizuna ere,
adierazgarria: bakeaz hitzaldia eskaintzen ari zela, “gure herrian izan diren
joera ‘kainitak’ gainditu behar ditugu” esaldia bota zuen. Entzuleek ez zuten
tutik ere ulertu. “Zer esan nahi du ‘kainita’ hitzak?”, galdetu zioten…
Irakasleari argi gelditu zitzaion Cain eta Abelen historia ez zutela ezagutzen.
Zalantzarik gabe, kultura, artea, gure herriaren izaera eta historia
ulergaitzak izango zaizkigu, oinarrian dauden sustrai erlijiosoak ezagutzen ez
baditugu. Ildo honetatik, oso aproposa da
Gotzainen Batzarrak egin duen bideoa, Erlijio irakaslea eta haren
ikasleak protagonista dituena. (http://youtu.be/32As9i9-CVc
).
3.-
Izanaren zentzu erlijiosoa: Erlijioa zilegi da heziketa integralaren
barruan, zientziak erantzun ezin dituen galderei aurre egiten baitie; hala
nola, gizakiaren izanaren zentzua bera. Nihilismotik abiatuta heztea ez da
posible; Aristotelesek esan zuen moduan: “Ez dago aldeko haizerik, helmuga
ezagutzen ez duten itsasontzientzat”. Maitasunetik
gatozela eta hartara itzuliko garela dakigunean bakarrik eman ahal izango dugu
onena.
Jakin badakit, ondo asko jakin ere,
gaur egungo gizartean politikoki zuzena eta onargarria, fedetik kanpo
dagoen halako ‘barnetasuna’ dela.
‘Kristo bai,
Eliza ez’ zioen protestanteen Erreformatik hasita, ‘Jainkoa bai, Kristo ez’
baieztapenera egin genuen salto; orain aldiz, ‘espiritualtasuna bai, erlijioa
ez’ dugu, gizartean goiburu (New Age edo Aro Berriaren eraginez).
Chestertonen hitzetan, erlijiorik
gabeko espiritualtasunaren eta kristau erlijioaren arteko aldea, ‘ametsaren’
eta ‘irudipenaren’ artean dagoen alde bera da. Eta zera gaineratu zuen hark:
“Gose izatea ez dela jatea ikasi nuen, zerbait nahi izatea ez dela hori
edukitzea eta, horrexegatik, ez dago haragitutako Hitzaren parekorik”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario