2012-09-06

HOMILÍA AMA BIRJINAREN EGUNA - ERLIJIO KATOLIKOAREN IKASGAIA



AMA BIRJINAREN JASOKUNDEA 2012


Apaiz maiteok; donostiar eta bisitari maiteok; agintari maiteok:

            Abuztuak 15, Elizak Ama Birjinaren Jasokundearen Festaburua ospatzen duen egun honetan, Jainkoari eskerrak ematen dizkiot aldarearen inguruan bildu eta beste urte batez, Kristorekin eta Zeruetako Ama Birjinarekin bat egin ahal izan dugulako. Hain zuzen, Eukaristiaren bitartez, aldare honetan dugu, gure erlijiotasunaren ardatz den Jesus Jainko bera. Kristau katolikook, kristau diren gainerako fededunen moduan, kristo-kide gara; alegia, Kristo bakarrik aitortzen dugu gure Berrerosle. Eskritura Santuak dion bezala: “honengan bakarrik dugu salbamena, ez baitigu Jainkoak gizon-emakumeoi beste inor  eman eguzkiaren azpian, salba gaitzakeenik” (ik. Eg 4, 12). ».


            Eta fede kristo-logiko honetatik abiatuta, Jesukristok bere amari emandako ardura ezagutu dugu historiako bi mila urtetan zehar. Hain zuzen, Mariarenganako eraspena ez da usadio katolikoaren ezaugarri soila; Kristok, haren Ama guretzat izatea nahi izan zuenaren ondorio zuzena baizik eta baita gu Harentzat izatea nahi izan zuenaren araberakoa. Nola ahaztu, gurutziltzatutako Jesusek, bere Ama eta maite zuen ikaslea gurutzearen oinetara zituela, esandakoa (“Emakume, horra hor zure semea; seme, horra hor zure ama”)! Ba jakizue donostiar maiteok, Ama Birjinarenganako debozioa galdu edo ahaztea, esker txarreko seme-alaben berezko jarrera dela.                                        136. Salmoak Jerusalengo hiri santuaz esaten dituen hitzak,  Jerusalen berriaren irudi den Santa Mariari esan nahi dizkiot gaur: “Nola kantatu Jaunaren kanturik atzerriko lurraldean! Zutaz ahaztu banendi, Maria, geldi bekit eskua elbarri. Geldi bekit mihia ahosabaian itsatsirik, beti gogoan ez bazaitut, zu, neure pozik handiena ez bazaitut.” Apaizgoaren zaindari eta urrian Elizaren doktore izango dugun Avilako San Juanen homilia batean esaten den moduan: “Mariarenganako eraspena galdu baino, nahiago dut azalik gabe gelditzea”.

            Gure gizartean sekularizazioak aurrera egin duen heinean, Mariarenganako eraspenak atzera egin du; baina era berean, Jainkoagana itzultzen garenean eta Jesukristo gure bizitzen erdigune egiten dugunean, Ama Birjina oinarrizko zutabe bihurtzen zaigu.

            Askok hala uste badute ere, Elizak aldarrikatzen duen Jainkoaren errebelazioa ez da iraganaren arrasto soila edo arkeologia hutsa. Aitzitik, Jainkoaren Hitza, gure oraina argitu ez-ezik, gizartean integrazioa eta zuzentasuna eraikitzeko oinarrizko faktorea dugu.
Halaber, Elizak Bibliako kontakizunak aditzera ematen dituenean, mundu honetatik kanpo dagoela esan ohi da… Eta alderantziz, Elizaren predikua egungo arazoak argitzen saiatzen denean, orduan, paradoxikoki, bizitza publikoan muturra sartzea leporatzen zaio. Baina egiazki, Elizaren betebeharra Ebanjelioaren argia zabaltzeko Kristok emandako agindua betetzea da, bizitzaren egoera eta leku guztietan- baita bizitza publikoan ere-; zeregin horrek ondorioz kritikak eta batzuen onespenik eza jasotzen badu ere.

Jaiak hasi aurretik, Auzitegi Gorenak, Jaurlaritzak batxilergoko erlijio ikasgaiaren inguruan erabakitako dekretua atzera botatzen duen epaia eman zuen jakitera; dekretu honek hilzorira eraman du azken urteotan batxilergoko erlijioaren hezkuntza gure eskoletan. Euskadiko Gotzainek Gorenaren epaiaren gaineko agiria eman dugu jakitera aurreko egunotan baina gaur, Santa Maria gure Amaren festaburua honetan, nik, familiei deia egin nahi diet, erlijioaren irakaskuntza euren seme-alabek eskolan jasotzen duten kulturaren ardatz denetik, aintzat har dezaten:

- Hasteko eta behin, eskolan erlijioaren irakaskuntza funtsezkoa da, gure arbasoetatik jaso dugun kultura ulertu ahal izateko. Eta bada gaur egun gertatzen den kontraesan handi bat: hau da, beste kultura eta zibilizazioekiko jakin-mina eta irekitasuna handitzen diren heinean, badirudi gure kulturaz, kristau zibilizazioaz lotsatzen garela. Eta ziur naiz, katolizismoaren baitan gertatzen diren apostasien iturria ez dela ongi hausnartuta eta jakinaren gainean hartu den erabaki baten ondorio baizik eta Kristoren Ebanjelioaren inguruan dagoen ezjakintasunaren ondorena. Ezagutzen ez duguna ukatu eta baztertzen dugu, okerreko aurreiritziek kristau tradizioaren aberastasuna ezkutatzen digutelako!

            - Bigarrenez, erlijioaren irakaskuntzak bizitzaren eta izaeraren ikuspegi osoa eta orokorra eskaintzen digu, giza-jakituriaren zatiketaren aurrean. Gaur egun zientziaren inguruko ezagutzak zeharo ‘zatituta’ daude. Eta erlijioaren irakaskuntzarik gabe, bakoitzak bere eremu txikiaz guztia jakin eta aitzitik, bizitzaren oinarrizko ezagutzaren berri ez duen gizartea eraikitzeko arriskua dago. Norbaitek esan zuen “jakinduria dela liburuetan ikasi genuen guztia ahaztu ondoren gure barruan gordetzen dugun gauza bakarra”. Ba are gehiago esango nuke nik: Jesukristo da, jakinduria horren izpiritua eta iturria helarazten diguna… Eskolan gure seme-alabek jasotzen duten heziketak, izaeraren esanahiaren eta zentzuaren inguruko galderak erantzuteko gai izan behar du: Hau da, zertarako izan dakiguke erabilgarria Unibertsoak izan duen garapena jakitea, inork azaltzen ez badigu zergatik eta zertarako gauden gu geu bizitza honetan?

Horregatik, agintariek guztion ongizatea bermatzea helburu dutenean, askatasun erlijiosoa zuzentzen saiatzen dira. Eta adibide gisa, Frantziako hainbat agintarien hitzak aipatuko ditut- jakina den moduan, Frantzia, Europako herrialdeen artean, tradizio laizistarik handienetakoa herrialdea da.

 Nicolas Sarkozyk, Benedikto XVI.aren aurrean 2007ko abenduan egindako hitzaldian zera esan zuen: "Guztiz laikoa den morala, infiniturako nahia betetzen duen itxaropenarekin bat  ez badator, agortu egingo da ". Eta hauxe gaineratu zuen: "Fedea duen gizakia, itxaroten duen gizakia da. Eta Errepublika osoarentzat onuragarria da bere gizon eta emakumeetako askok itxaropena izatea”.

Erlijiotasunak uste eta iritzi politiko ezberdinekin zerikusirik ez duela eta haien baitan ez dagoela argi uzteko, Jackes Delorsek UNESCO erakundearentzat 2008an egindako txostena ekarri nahi dut gogora.  Hezkuntzak benetako altxorra gordetzen du” izenburupean, hezkuntzan alderdi materiala eta izpirituala kontrajartzeko dagoen joera atzean uztea beharrezkoa dela azpimarratu zuen. Haren txostenean, Jacques Delorsek hezkuntzaren lau helburu nagusiak aipatzen zituen: ikasten ikasi, egiten ikasi, elkarrekin bizitzen ikasi eta izaten ikasi. Eta hain zuzen, hezkuntza bere osotasunean biltzen duena, azken hau dugu: ‘izaten ikasi’. Nor garen eta Maitasunetik gatozela eta Maitasunera goazela jakiten dugunean; orduan soil-soilik lortuko dugu norberaren errealizazioa, pozik eta eskuzabaltasunez daukagun onena emanez. Horregatik hain zuzen aldarrikatzen dugu erlijioaren irakaskuntza!!

            Erlijio ikasgaiaren egoera hezkuntza normaltzeko eta Europako gainerako herrialdeetan bezala, trabarik eta oztoporik gabe irakatsi ahal izateko garaia badugu. Ideologia politiko ezberdinen arteko borrokak ez du eskolaren baitan inolako eraginik izan behar. Eskola, umeak egian hezteko aske izan dadin, presio politikoetatik at utzi eta familien eskaera eta ekarpenei zabalik izatea ezinbestekoa dugu.

Bukatzeko, Zeruetako Santa Mariari, pozean, neurritasunean eta elkarkidetza baketsuan murgildutako Aste Nagusia opa dakigun erregutzen diot…, eta egun hauetan ere, izan ditzagula gogoan, okerren daudenak, krisiaren zartada pairatzen ari direnak eta gaixo dauden guzti guztiak. Jai zoriontsuak izan ditzazuela!

No hay comentarios:

Publicar un comentario